Salbuespen egoeraren aurrean mobilizazioak burutuko dira gaur
AAM-ko mugimenduak mobilizazioak deitu ditu datorren larunbaterako, irteera operazioa dela eta euskal herrian bizi dugun salbuespen egoera lau haizetara zabaldu eta protesta egiteko.
Donostian egindako agerraldian euskal herrian bizi dugun salbuespen goera irudikatzen duten hainbat pertsonak parte hartu dute, urte luzez espetxean eta gaixotasun larri eta sendaezinekin aurkitzen diren preso politikoen senitartekoak, espetxera bidean istripuak izan dituzten pertsonak, legez kanporaturiko alderdietako hautetsiak, tortura jasandakoak eta markroepaiketetan epaituak.
Hurrengo irakurketa eta deialdia burutu dute bertatik:
Azken aste eta hilabete hauetan Euskal Herrian bizi dugun salbuespen egoera larria salatzen ari gara etenik gabe. Nazkaturik gaude salaketa hau egiteaz, asperturik. Baina ez zaigu beste aukerarik geratzen.
Espainiar zein frantziar estatuetako gobernuek, bide errepresibo guztiak zabalik dituzte Euskal Herriari burujabetzaren ateak ixteko. Bide horretan beharrezkoa dute independentziaren aldeko mugimendua anikilatzea, desagertaraztea. Horretarako edozer egiteko prest daude eta garbi adierazten dute hori beraien jardunbide errepresiboarekin. Bereziki kezkagarria da estatuen aparatu polizial, parapolizial, judizial eta mediatikoek duten inpunitate osoa, muturreko inpunitatea. Guztiak balio du euskal independentismoarekin amaitzeko. PSOE-ren gobernuak ZEN plan makabroaren oinarri eta helburuak berreskuratu ditu, eta gaur egungo fase politikora egokitutako guda zikina egiten ari da euskal independentismoaren aurka.
Horren adibideak? gaur hemen bildu garen pertsonak gara adibide garbietako batzuk. Disidentzia politikoa ezabatzeko alderdi politiko, eragile eta erakundeak legez kanporatu dituzte, euskal militanteak makro-epaiketa politikoetan epaitu eta herriak hautaturiko alkateak espetxean sartu dituzte. Salbuespeneko edozein metodo erabiltzen dute disidentzia ezabatzeko bidean: espioitza eta jazarpen poliziala, kolaborazio eskaera eta legez kanpoko galdeketak kontroletan, militante independentisten atxiloketa masiboak, inkomunikazioa eta torturak, mobilizazio eta ekimenen debekuak, bortizkeria poliziala, intoxikazio kanpaina mediatikoak...
Preso politiko eta senitartekoen aurka ere, beraiek suntsitzeko helburuz salbuespeneko politika oso bat martxan dute bi estatuek. Gaixotasun larriekin aurkitzen diren presoei askatasuna ukatzen diete, espetxe zigorrak nahi bezala luzatzen dituzte, muturreko bizi baldintzatan mantentzen dituzte, dispertsaturik, urrunduta senitartekoak errepideetan eta preso politikoak espetxean hil nahi dituzte! Guzti hori irizpide politikoen arabera egiten dute! Egoera hau onartezina da! Nola esan dezakete, gainera, zuzenbide estatu batean bizi garela?
Garbi utzi dute bi estatuek apustu errepresiboan sakontzeko hautua egina dutela. Zapatero eta Sarkozyren arteko akordioek, edo egunotan adosten ari diren PP-PSOEren arteko itunek errepresio basatienaren aldeko apustua irudikatzen dute. Euskal herrian, PNV buru dutela, gainontzeko indar erregionalistek ere bat egiten dute estrategia errepresibo horrekin. Hitz politak eta diskurtso sutsuak entzuten dizkiegu, baina aldi berean beraien indar armatu eta mediatikoak jartzen dituzte estatuen errepresio estrategiaren mesedetan. Ez diegu onartuko euskal herritarren eskubideak nahi bezela zanpatu ditzaten. Salbuespen egoera honen aurrean altxa egin behar gara! Aski da! oihukatu behar dugu.
Norabide horretan dei bat luzatu nahi diegu euskal herritarrei errepresioaren aurkako eguneroko lana eta borrokarekin jarraitu dezaten. Salbuespen egoeraren aurrean mobilizazio eta protestekin jarraitzearen beharra azpimarratu nahi dugu.
Gure aldetik dei bat luzatu nahi diegu euskal herritarrei datorren abuztuaren 2an, irteera operazioarekin batera, Euskal Herriko zubi eta errepideetan deituak diren protesta mobilizazioetan parte hartu dezaten, Euskal Herrian bizi dugun salbuespen egoera larria lau haizetara zabaldu eta salatzeko.
Salbuespen egoeraren aurrean Aski da!
Amaia Izkori elkarrizketa Berriozarko hautetsien epaiaren harira
Ion Anzari lehen harrera Ziburuko beilatokian
E U S K A L H E R R I K O A M N I S T I A R E N A L D E K O M U G I M E N D U A
RSS