"Errepresioaren aurrean antolatzen den herria da Amnistiaren Aldeko Mugimendua"
Entzutegi Gorenean burutzen ari den bistan defentsaren helegitea aztertuko da. Kanpoan dauden zigortuek agerraldia egin zuten atzo Donostian.Bitarteko komunikatiboak.
Agerraldian esan dena:
Amnistiaren Aldeko Mugimenduko auziperatuek prentsaurrekoa eskaini dute, espainiar auzitegi nazionalean mugimendu honen eta partaide dituen 21 lagunen aurkako ebazpenari abokatuek jarritako errekurtsoaren bista izaten ari den une berean.
Julen Larrinaga eta Aratz Estonba eledunek azaldu dutenez, 33/01 sumarioa 27 auziperaturekin abiatu zen eta 21 lagun kondenatuz amaitu zen. Horietatik 13 lagun espetxean dira egun eta 8 berriz kalean.
Salatu dutenez, 1998an Espainiako gobernuak jauzi handia eman zuen Euskal Herriaren kontrako errepresioan, erakunde politiko zein sozialak legez kanporatuz eta komunikabideak itxiaz, besteak beste. Hala, salbuespen egoera errotzea ekarri duen aro errepresibo berria zabaldu zuen orduan. Izan ere, egun manifestazioak debekatu eta bortxaz zapuzten dira, atxiloketak modu masiboan burutzen dira eta Estatu inposizioaren arrazoia zalantzan jartzen duen oro da errepresioaren jo mugan.
Honen atzean, Espainiako estatuak errealitate bakarra inposatzeko egitasmoa dago. Bortxa eta indarra erabiliz, Espainia batua eta bakarra da inposatzen duena eta Euskal Herriarekin zerikusia duen adierazpen oro ezabatu eta adierazle oro atxilotu eta espetxeratzen dihardu.
Errepresio jarduera honen bermatzaile bilakatu dira era berean, milaka herritarren adierazpen eta bozka eskubidea zapuztuz eta herri borondateari bizkar emanez osaturiko Gasteiz eta Nafarroako gobernu autonomiko eta forala.
Honek agerian uzten du demokrazia batek behar lukeen zuzenbidezko estatua beharrean, Euskal Herrian Espainiako gobernuak ezartzen duen salbuespen egoera, estatu polizial bati dagokiona dela. Eskubide zibil eta politikoen ezarpena, tribunal berezi batek fiskalizatua dela era berean.
Auziperatuek lehenago adierazitakoa berretsi dute gaur. Izan ere, kondenatuak izango zirela ohartarazi baitzuten, hain zuzen ere, tribunal inpartzial batek baino, tribunal berezi batek epaituko zituelako. Estatu erabaki bat idatzirik baitzegoen lehendik eta honako tribunala, Estatuak Euskal Herrian burura daramatzan errepresio politika guztien partaide bermatzailea delako. “Etsaiaren eskubide penala” da tribunal honek aplikatzen duena. Hau da, nire etsaia bazara, eta egiten duzuna gustuko ez badut, kondenatu egingo zaitut.
Gaur Tribunal gorenak egingo duena, lehenago auzitegi nazionalak eta poliziak eginiko lan zikina garbira pasatzea besterik ez dela izango argi dute Amnistiaren Aldeko Mugimenduko auziperatuek. Ebazpena, errepresio estrategia legez kanporatzailean aurrera egiteko, errepresioaren salaketa ezabatzeko eta errepresaliatuekiko elkartasuna deuseztatzeko euskarri gisa baliatuko dutela salatu dute. Errepresioak Euskal Herrian inpunitate osoa izan dezan ziurtatzeko eta Estatuaren jarduera eta izaera bortxatzailea ezkutatzeko helburuarekin hain justu.
“Horretarako espetxean behar gaituzte”, esan dute. Izan ere, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak agerian uzten baitu Estatu espainiarrak azken 30 urteetan Euskal Herriari bide demokratikoak ukatu eta errepresioa besterik ezarri ez diola, horretarako eskura dituen baliabide guztiak erabiliz. Gerra zikina, bortxakeria poliziala, tortura, esterminiozko espetxeak, deportazioak, etab.
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak argi du honen atzean Estatuaren ezintasuna aurkitzen dela. Izan ere, ez baitu Euskal Herriaren hitza eta erabakia barne hartzen duen proiektu politikorik. Beldurra baitio herritarren hitza eta erabakiari, beldurra die hautestontziei eta honen aurrean baliatzen duen errezeta indarrarena da. Indarrez inposatzen jarraitzea, bide demokratikoak ukatuz eta bide polizial eta errepresiboak inposatuz.
“Aurpegia txikitzen badigute ere, aurpegia ematen jarraituko dugu”, adierazi dute irmo eta ozen. Izan ere, Amnistiaren Aldeko Mugimendua Euskal Herrian errotua den mugimendua baita eta ez “estratosferan” dagoen zerbait. “Errepresaliatuak ez ditugu inoiz bakarrik utziko, errepresaliatu bat bera ere ez da izango bidea bakarrik egingo duena, eta errepresioaren aurrean salaketa eta elkartasuna jorratzen jarraituko dugu.”
Errezeta zaharrak dira egun ere Estatuak baliatzen dituenak. Bide demokratikoa da Euskal Herriak behar duena eta horrek, Amnistia dakar. Preso eta iheslari politikoen itzuleraz gain, errepresio politikak ezartzeko baliabideen desegitea; tribunal bereziak, salbuespeneko legeak, etab. Bai eta errepresioa ezartzeko indar armatuen alde egitea ere. Bide horren alde lan egiten jarraituko du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.
Zigortutako 21 lagunak ETAren aginduz aritzen zirela frogatu gabe dagoela argudiatuko du defentsak, besteak beste
Amnistiaren Aldeko Mugimenduan aritzeagatik Espainiako Auzitegi Nazionalak 21 laguni jarritako espetxe zigorra berraztertuko du asteazkenean Espainiako Auzitegi Gorenak. Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB) eta Askatasuna «erakunde terroristak» direla ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak, eta haietan aritzeagatik espetxe zigorra jarri zien 21 laguni -haietako hamabi espetxeratu zituzten-. Epaiarekin ados ez, eta helegitea jarri zuen defentsak.
Helegite idatzian emandako argudioak defendatuko dituzte asteazkenean, Gorenean. Bi talde horiek ez direla «terroristak» baizik eta politikoak direla defendatuko dute, Auzitegi Nazionaleko epaiketan egin zuten bezala. Nolanahi ere, eta Gorenak arrazoi horrekin bat egin ez eta bi talde horiek «terroristatzat» jotzen baditu ere, zigortutako 21 lagunetako bakoitzak leporatutako ekintzak egiten dituztela esateko eta jarduera horiek ETAren aginduz egin zirela esateko frogarik ez dagoela argudiatuko dute. Eta, beraz, ez dagoela haiek zigortzeko inolako arrazoirik.
Epaia baliogabetzeko asmoz, instrukzioan oinarrizko eskubideak urratu zirela azalduko du defentsak. Hala nola polizia operazioak egin zituzteneko miaketak «delitu zantzurik gabe» egin zirela salatuko dute, hori ezin dela egin gogora ekarrita. Kasu batzuetan atxilotuak ez zirela miaketetan egon ere azalduko dute. Telefonozko entzuketa batzuk epaitegien baimenik gabe egin zituztela eta inputatuak ez ezik beste lagun batzuk ere grabatu zituztela ere argudiatuko du epaimahaiaren aurrean. Epaiketan egin zuten bezala, instrukzioan parte hartutako poliziak ezin daitezkeela peritu izan alegatuko dute, gainera. Gorenaren epaiak defentsaren arrazoiei izkin egin eta Auzitegi Nazionalaren epaia berretsiko balu, espetxera joan beharko lukete orain behin-behinean libre dauden bederatzi lagunek.
18/98 auziko aurrekaria ikusita, defentsak ez du itxaropen handirik: «Juridikoki beste edozein prozeduretan onartzen ez diren barrabaskeriak onartu zituzten».
Auzitegi Nazionalak zigortutakoak
AAB
Aitor Jugo. 10 urte. Espetxean.
Juan Mari Olano. 10 urte. Espetxean.
Julen Zelarain. 10 urte. Espetxean.
Gotzon Amaro. 8 urte. Espetxean.
Gari Arriaga. 8 urte. Espetxean.
Alex Beaskoa. 8 urte. Kartzelan.
Jon Imanol Beaskoa. 8 urte. Baldintzapean aske.
Josu Beaumont. 8 urte. Behin-behinean aske.
Maite Diaz de Heredia. 8 urte Espetxean.
Aratz Estonba. 8 urte. Baldintzapean aske.
Ainhoa Irastortza. 8 urte. Baldintzapean aske.
Julen Larrinaga. 8 urte. Behin-behinean aske.
Txema Olabarrieta. 8 urte. Espetxean.
Jagoba Terrones. 8 urte. Behin-behinean aske.
Jorge Txokarro. 8 urte. Espetxera.
Iker Zubia. 8 urte. Baldintzapean aske.
Gorka Zulaika. 8 urte. Baldintzapean aske.
ASKATASUNA
Xabin Juaristi. 8 urte. Espetxean.
Iñaki de Reta. 8 urte. Atxilotzeko agindua.
Asier Virumbrales. 8 urte. Espetxean.
SENIDEAK
Iñaki Loizaga. 8 urte. Baldintzapean aske.
Gazte independentisten aurkako jazarpena nazioartean salatzeko bideoa
Itxialdia Sopelan euskal preso politikoen eskubideen alde
E U S K A L H E R R I K O A M N I S T I A R E N A L D E K O M U G I M E N D U A
RSS