>>>>>>>>>

Herritarrek kalean salatu dute Jonen hilketa
Atzo goizez eta arratsaldez mobilizazioak burutu ziren herri eta auzoetan. Atzoko mobilizazioen argazkiak hemen barruan
JON ERAILA
GERRA ZIKINA ETA ERREPRESIOA AMAITU!
Mobilizazio egunerako irakurgaia
Gaurkoan, beste behin ere, milaka izan gara Euskal Herri osoan Jon Anzaren hilketa salatzeko kalera atera garenak. Jon desagertu zenetik gaurdaino, egia eta justizia ez ezik, guda zikina eta errepresioa behin betirako Euskal Herritik desager dadin oihu eta protesta egin dugu maiz. Ez dugu bide horretan etsi, gara isildu. Ez gara aurrerantzean isilduko, Jonen hilketa bertsio ofizial sinesgaitzen atzean ezkutatzeaz gain, gure isiltasuna nahi luketenen horien aurrean. Auzitegi Nazionalarekin mehatxu egin digute; bahiketa, tortura eta hilketa burutzeko zigorgabetasuna eskaintzen duen tribunal berberarekin. Elkartasuna eta salaketa kriminalizatu eta zigortzen duen tribunalarekin hain justu.
Jon bahitu, torturatu eta hil dutenaren zalantzarik ez dugu. Ondotik, bere gorpua ezkutuan izan dutela ere agerikoa da. Familiari gorpua ikusteko trabak jarri zaizkiola egia borobila den bezalaxe. Bai eta konfiantzazko medikuari autopsian izatea ukatu zaiola ere. Egia ezkutatzen jarraitzea besterik ezin daiteke izan jokabide honen arrazoia. Hau guztia, ohi bezala, Jonen senitarteko eta herritarron eskakizunak kolpeka erreprimituz. Jonekin zer egin duten da jakin nahi duguna. Horixe baita ukatzen zaigun egia. Hilketaren ardurak argitu eta garbitu ez ezik, Euskal Herrian guda zikina eta errepresioa betirako amaiturik izatea, egiazko egoera bilaka dadin aldarrikatzen dugu. Beste modu batera esanda, Euskal Herriarentzat demokrazia eta justizia aldarrikatzen ditugu.
Badakigu Euskal Herrian nortzuk burutzen dituzten bahiketak, nortzuk euskaldunak torturatzen, egunak joan eta egunak etorri, joan den hogeita hamar urteetan, demokrazia espainiarrak eskaintzen duen inpunitatepean. Ez da zaila jakiten nortzuk hil duten Jon. Euskal Herrian errepresioa eta guda zikina ez da gauza berria. Frantses Estatuak Espainiako errepresio indarrei eta guda zikinari eskaini dion laguntza eta elkarlana ere ezagun dugu. Aski jakina da errepresioa nork eta zertarako ezartzen duen herri honetan. Zein helbururekin ezartzen den eta zein ondorio latz eta mingarri utzi dituen gaurdaino. Errepresioaren ondare gordina pilatu du herri honek urte luzeen joan etorrian. Zama astuneko zaku bete sufrimendu. Baina are gordinagoa suertatzen dena, bi Estatuen egitasmoari aurrez aurre begiratzea da. Errepresio eta guda zikinak herri hau kolpatzen jarraitzeko armaturik ikusten baititugu, nor bere modura, Espainiako eta Frantziako Estatuak. Inpunitatez armaturik, salbuespeneko legeez armaturik, tribunal bereziez, bizi arteko zigorrez, sarraskirako espetxeez...
Guda zikina, biolentzia eta oro har estrategia eta bide errepresiboak alboratu behar dituzte bi Estatuek. Hori da herri honen gehiengo zabal batek behin eta berriro adierazi duen nahia. Hori da herri honetan demokrazia eta bakea taxutzeko bidea. Argi dugu eta garbi diogu, behar -beharrezkoa izango dela aurrerantzean errepresioaren aurrean indarrak biltzea, mobilizazio sozial sendoa antolatzea, Estatuek bide errepresibo antzuak baztertu, biolentziaren estrategiatik urrundu eta demokraziaren bidean sar daitezen.
Amaitu aurretik, Jon Anzaren hilketa salatu, egia exijitu eta merezi duen omenaldia eskaintzeko ondorengo deialdietan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu:
• Jonen hilotza Tolosako gorputegitik ateratzen denean, harrera egingo diogu Euskal Herrian. Deialdiei adi izatea eskatzen dizuegu.
• Apirilaren 17an, Jonen hilketa salatu eta Estatu Frantsesaren aurrean egia eta justizia aldarrikatzeko manifestazioa burutuko da Donibane Lohitzunen.
GORA JON!
Euskal Herrian, 2010eko Martxoaren 18an